You are using an outdated browser

In order to deliver the greatest experience to our visitors we use cutting edge web development techniques that require a modern browser. To view this page please use Google Chrome, Mozilla Firefox or Internet Explorer 11 or greater

Neoinpresionismoa

Neoinpresionistek Parisko Zortzigarren (eta azken) Erakusketa Inpresionistan egin zuten debuta talde gisa 1886an, Georges Seurat lider zutela. Urte hartan bertan, Félix Fénéon arte kritikari eta artista horien defendatzaile sutsuak Neoinpresionismo terminoa sortu zuen kritika batean. Seurat oso gazte hil zenean, Paul Signac-ek hartu zuen bere lekukoa mugimenduaren lider eta teorialari gisa. Neoinpresionista nagusiei —Henri-Edmond Cross, Maximilien Luce, Seurat eta Signac— Inpresionista izandako Camille Pissarro batu zitzaien zenbait urtez, bai eta antzeko pentsamendua zuten alboko herrialdeetako zenbait artista ere, Théo van Rysselberghe margolari belgiarra, esaterako. 

Margolari berritzaile horiek koloreari eta pertzepzioari buruzko teoriei erreparatu zieten, mihise puntillistetan efektu bisualak sortzeko; zientzialariek garatutako metodo optiko eta kromatikoei erreparatzen zieten besteak beste —Michel-Eugène Chevreul kimikari frantsesaren eta Ogden Rood fisikari estatubatuarraren argitalpenetan garatutako metodoei bereziki. Pintura-teknika moderno eta iraultzaile horren bereizgarria honakoa zen: artistak pigmentu-pintzelkada indibidualak alboratzen zituen, tonu bizi bakar bat agerrarazteko. Horrela, kolore osagarriak eta forma eztitsuak baliatuta, neoinpresionistek formalki bateratutako konposizioak irudikatzen zituzten. Inguruko baldintzen arabera argiak kolorearengan zuen eragina irudikatzea zen artista horien lanetako kezka nagusia: argia uretan errefraktatuta, edo baldintza atmosferikoek iragazita, edo zelai batean barreiatuta. 

Neoinpresionista gehienak ezkertiarrak ziren, Pissarro edo Lucek egindako langile-klasearen irudikapenetan, esaterako, agerikoa denez. Anarko-sozioalismoaren edo anarko-komunismoaren gaineko ikuspegi idealizatuak ere sarri ageri ziren neoinpresionistek beren lanetan irudikatzen zituzten eszena utopikoetan; izan ere, beren lanek eduki ideologikoa eta teoria teknikoa bateratzen zituzten maiz. Halere, helburu politikoek gidatuta aritzen ez zirenean ere, neoinpresionistek hiriaren, aldirien, itsasertzaren edo landaren gaineko interpretazio argitsuek armoniaz betetako tokian islatzen zituzten.

Sinbolismoa

Sinbolismoa mugimendu literario gisa hasi zen 1880ko hamarkadan eta 1886an kodetu zen, Jean Moréas poetak "Manifesto sinbolista" argitaratu zuenean Le Figaro egunkari frantsesean. Alabaina, estilo horren filosofia idealista eta estilizatutako ezaugarri formalak laster hedatu ziren ikusmen-arteetara. "Sinbolismo" terminoa xede antinaturalistak partekatzen zituzten hainbat artista izendatzeko baliatzen da. Batzuetan, neoinpresionisten edo nabien lanak ere Sinbolismoarekin identifikatu izan dira, haien forma bitxiak eta landutako gaiak zirela medio; adibidez, Maurice Denis nabiak erlijioari eta alegoriari erreparatzen zion, eta lerro sigi-sagatsuak, kolore-eremu lauak edo koadro osoan errepikatutako motiboak baliatzen zituen. Izatez, Sinbolismoarekin lotu izan diren artista batzuek ez zuten beti haien burua halakotzat jotzen, Odilon Redon-en kasuan bezala. Halere, margolari horren hainbat lan oso lotuta daude estilo sinbolistarekin: hala nola, "beltzak" zeritzanak, gorputzik gabeko buru hegalariz eta armiarma gorakariz osatutako lan asaldagarriak; eta beranduago egin zituen pastel eta pintura sutsuak, errealitatetik deslotutakoak, esanahi enigmatikoa eta hermetikoki itxia zutenak. 

Sinbolismoarekin zerikusia zuten artista gehienek materialismoa arbuiatzen zuten eta zientziarekiko fedea galdua zuten, ez baitzen gizarte modernoaren gaitzak arintzeko gai izan. Horren ordez, irudi iradokitzaileen bitartez espiritualtasuna eta barne-aldartea ikertzea aukeratu zuten, eta dekorazio-estiloek blaitu zituzten haien lanak, Art Nouveau-ren motibo organikoetatik eta arabesko formetatik edanaz. Arte sinbolistak narrazio mitikoak, erlijio-gaiak eta amesgaiztoen mundu makabroa besarkatu zituen; hala, faktuala alde batera utzi zuen fantastikoarengatik, kanpoko mundua paisaia psikologikoengatik, materiala espiritualagatik, eta konkretua etereoarengatik. Narrazioan sakonki erroturik egon arren, Sinbolismoak sentsazio abstraktuak sorrarazi nahi zituen eta, irudi subjektiboen bitartez, esperientzia unibertsala adierazi. Bulkada horiek modernotasunaren alde ilunak sorrarazi zuen irrika bati erantzuten zioten: transzendentea denaren bilaketari, hain zuzen.

Nabiak eta inprimaketa-kultura 1890ko hamarkadan

1890ean École des Beaux-Arts-en egon zen Japoniako inprimaketen erakusketari jarraiki, inprimaketak berpizkundea jasan zuen Frantzian, bai litografiak bai xilografiak ere. Berpizte hori bultzatu zutenen artean zeuden nabiak, Henri de Toulouse-Lautrec artistarekin batera. Nabiak (hebreeraz "profetak" esan nahi duen hitza) lotura lausoa zuen anaidia zen, eta bertako kideen arteak Paul Gauguin-en Sintetismoaren kolore- eta motibo-eremu lauen eragina jaso zuen, bai eta inprimaketa japoniarren bat-bateko ebakitzeen eta bi dimentsioko konposizioen eragina ere. Astoko pinturari muzin egin eta nabiek baliabide anitz erabiltzeari ekin zioten inprimaketa, afixa eta ilustrazioetan; haien babesle Thadée Natanson jabekide zuen La Revue blanche bezalako aldizkarietarako egiten zituzten lan horiek. Pintura gobernatzen zuten arau akademikoetatik libre geratzen zen "behe-mailako" artea zen aldetik, inprimaketak askorentzat erakargarri zen askatasun artistikoa eskaintzen zuen. 

1890eko hamarkadan zehar, artistek xilografiaren kontraste bortitzekin esperimentatu zuten; Félix Vallotton-ek, adibidez, hala egin zuen asmamen handiz zuri-beltza baliatu zuenean, Parisko gizartearen gaineko iruzkin garratzak egiteko. Beste nabi batzuk, hala nola, Pierre Bonnard eta Édouard Vuillard, liluratuta zeuden koloretako litografiarekin: baliabide horren mugak milaka modutan probatu zituzten —inprimaketa prozesuan manipulazioak egitera ere heldu ziren— eta ukondoz ukondo aritu ziren lanean Auguste Clot inprimaketaren maisuarekin. Bizitza garaikidea Parisko eszena oso murritz baina zorrotzen bitartez irudikatzen zuten afixak eta inprimaketa-bildumak sortu zituzten arte-merkatarien enkarguz; horien artean garrantzitsuena Ambroise Vollard galerista izan zen agian. Toulouse-Lautrecek afixaren arteari eskaini zion bere energia. Eskala handiko sorkuntza bikainek begia engaiatzen zuten iragarki distiratsuak ziren, Parisen zehar denbora laburrerako itsasten zirenak. Leku bohemiarren karikatura antzeko irudikapenek oinezkoak (kontsumitzaile potentzialak) xarmatzen zituzten: Montmartre-ko kafekontzertuak edo kartel buruan ageri ziren artista entzutetsuak, La Goulue (tripontzia) edo Jane Avril, besteak beste. Areto honetako inprimaketek ospatu egiten dute mende amaierako Paris definitu zuen izaera bizi hori.

Cookien erabilera

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.
Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure cookien politika orrialdean