You are using an outdated browser

In order to deliver the greatest experience to our visitors we use cutting edge web development techniques that require a modern browser. To view this page please use Google Chrome, Mozilla Firefox or Internet Explorer 11 or greater

Caricatura Camille Flammarion

Camille Flammarion-en, Les Hommes d’aujourd’hui aldizkarirako karikatura. Getty Images

Une soire au chat noir

Parisko kale-eszena, Le Chat Noir kabaretaren aurrealdea. Getty Images

Petit Journal

Dreyfus aferari satira egiten dion Le Petit Journal egunkariaren lehen orrialdea. Getty Images, Apic. Hulton Archive.

¿Ba al zenekien...?

MENDE AMAIERA GORABEHERATSU BATEKO TITULARRAK

Didaktika proiektuak ikusgai dauden erakusketen esperientzia osatzeko aukera eskaintzen die bisitariei, hezkuntza-gune eta jarduera berezien bitartez. Oraingo honetan, Didaktikak arreta berezia eskainiko dio xix. mendeko azken hamarkadetan Parisen sortu zen artearen testuinguru soziopolitiko eta kultural gorabeheratsuari.

Prentsak funtsezko papera izan zuen azken berriei, gertakari politikoei eta kulturalei buruzko informazioa zabaltzeko orduan, eta horien bitartez iritzi publikoan eragin zuen. Egunkari eta aldizkariek les faits divers (krimen, istripu eta ezbeharrak labur eta zehatz azalduta) argitaratzen zituzten, eta bilkurak eta eztabaida politiko eta sozialak pizten zituzten kaleetan, bai eta intelektualen bilgune ziren kafe eta saloietan ere.

Prentsak garai hartan izan zuen garrantzia inspirazio iturritzat hartuta, gune didaktiko honetan egunkarietako goiburuek gertakari garrantzitsu batzuk aurkezten dituzte; izan ere, jazoera horiek eragina izan zuten artisten ideietan, eta haien ekoizpena bultzatu zuten.

Dreyfus aferaren inguruan sortutako eztabaida politikoak agerian utzi zuen antisemitismoaren goranzko joera, bai eta Frantziako nazionalismoaren oihu haserrea ere. Garai berean, kabareten sorrera eta ugaltzea gizarte dekadentziaren sintomatzat jo zen. Antsietate-giro orokorra areagotuz zihoala zirudien, gaixotasun psikologikoen berri ematen zuten artikulu kezkagarriak zirela medio; erreportaje horietan suizidioak eta emakumeen artean histeria diagnosiak ageri ziren. Bestalde, aurrerakuntza teknologiko eta zientzia arloko ikerketa eta aurkikuntzez gain, arte-teknika berriak ere ezagutarazten zituzten titularrek garai hartako kultura-bizitasun eta zientzia-aurrerapenak islatzen zituzten.

ASALDURA POLITIKOA: DREYFUS AFERA

Paris, 1894. Deyfus aferak iritzi publikoa zititu du
Jatorri alsaziar eta judutarra zuen Alfred Dreyfus kapitain frantsesari traizio egitea egotzi zioten, Alemaniako gobernuari dokumentuak emateagatik. Hainbat intelektualek —tartean Émile Zola-k, egunkarietan argitaratu zen “J’accuse” gutunean— Frantziako gobernua antisemita zela salatu zuten; egunkari nazionalistek, berriz, traidorea akabatzeko eskatzen zuten. 

Frantzia eta Alemaniaren arteko tentsioak 1870–71ko Frantzia-Prusia Gerran zuen jatorria; orduan, Frantziak ipar-ekialdeko Alsazia eta Moselleko (Lorena) lurraldeak galdu zituen. Ongi errotutako suminak bide egin zion lurralde horietan jatorri "alemaniarra" zuen edonoren gaineko mesfidantza orokorrari, bereziki pertsona horiek Frantziako gobernuan edo armadan bazeuden.

GAINBEHERA MORALA: KABARETEN ETA KAFE-KONTZERTUEN ARRAKASTA

Paris, 1881. Rodolphe Salis artistak Montmartreko lehen kabareta ireki du: Le Chat Noir (Katu Beltza)
Artista eta intelektualen topaleku, kabaretak ugaldu egin ziren Parisen, eta hiriko sektorerik kontserbadoreenen artean alarma piztu zuten: azken horiek gaitzetsi egiten zituzten lokal horietara joaten zirenak eta haien ohiturak, gizartearen gainbehera moralaren erakusgarri baitziren, haien aburuz. 

Kabaretak gauerako entretenimendu- lokalak ziren; gizarte-maila desberdinetako gizonezkoak joaten ziren batez ere, eta ikuskizunez gozatzen zuten. Maiz, hirian zehar jazotzen ziren gertakarien inguruan eztabaidatzen zuten bezeroek emanaldia ikusten zuten artean eta, inoiz, eztabaida horietan isilpeko gaiak ere azaleratzen ziren. Ondoren sekretu horiek hirian zabaldu ohi ziren, hala nahita zein nahi gabe. 

Le Chat Noir ireki ostean, beste kabaret ugari agertu ziren; horietako asko artistek zuzentzen zituzten edo artisten topalekuak ziren. Kabaret batetik bestera giroa eta gaiak aldatu egiten ziren: adibidez, L’Enfer (Infernua) okultismoan interesa zuten paristarrei eskainitako lekua izan zen, eskeletoz jantzitako paretekin eta zerraldo-mahaiekin; bitartean, infernuko lokal horrekin alboz albo zegoen Le Ciel (Zerua) kabaretak Paradisua irudikatzen zuen, eta zerbitzariak aingeruz jantzita zeuden bertan.

LARRIMINA: SUIZIDIOA

Pont des Arts, Paris, 1906. Antsietatearen gorakada Parisen: Suizidio kopuruaren ugaritzea
Pont des Arts zubitik jauzi egin zuen emakume bat Sena ibaitik erreskatatzen. Pont des Arts-en jazotako gertakari dramatikoek Parisko suizidio-tasak jasan zuen gorakada erakusten dute. Krimen-oldeak, eromen-kasu aitortuek eta pertsona ugari miseria gorrian utzi zituen krisi ekonomikoak eragin zuten nagusiki larrimin hori, eta berehala zabaldu zen neurrigabeko hazkundea pairatzen zuen hirian zehar. 

Ohikoa zen Parisko egunkariak halako gaietaz mintzatzea: Le Petit Journal, Le Petit Parisien, Le Figaro edo La Dépêche, besteak beste; nahiko grafikoki ematen zuten gertakari horien berri, eta hiriko herstura sentsazio orokorra areagotzen zuten horrela.

LARRIMINA: HISTERIA

Paris, ca. 1887. Jean-Martin Charcot neurologoak histeria kasu gehiago diagnostikatu ditu 
XIX. mende amaieran histeria eta gaixotasun mental diagnostiko ugari egin ziren. Histeria (frantsesezko hystérie hitzetik; hori, halaber, grekerako hysteron hitzetik dator, hau da, “utero”) gaixotasun mentaltzat jo zuten, eta larrimin moduan eta beste hainbat sintoma fisiko edo psikologikoen bidez nabarmentzen zen: konbultsioak, paralisia edo haluzinazioak, adibidez. Neurologia modernoaren aita gisa ezaguna den Jean-Martin Charcot-ek (1825–1893) Leçons sur les maladies du système nerveux (1879) liburuan argitaratu zuen gaitz horren inguruan egindako ikerketa. 

Emakumezkoen sexualitatea gogor erreprimitzen zuen gizarte hartan, histeria kasu gehienak emakumezkoei diagnostikatzen zitzaizkien; hori dela eta, gaixotasuna haien fisiologiarekin lotu zen, ugalketa-aparatuarekin bereziki, eta zientzia estereotipo misoginoak indartzeko erabili zuten.

AURRERAKUNTZA TEKNOLOGIKOAK: FILM-PROIEKZIO GOIZTIARREN OIHARTZUNA

Paris 1895. Lehen jendaurreko film-proiekzioak 
Martxoaren 22an, berrehun pertsonatik gora bildu ziren Parisko Société d’encouragement pour l’industrie nationale erakundean, La Sortie de l’usine Lumière à Lyon (Langileak Lyongo Lumière lantokitik ateratzen) filma ikusteko, historiako lehenengo film-proiekzio publikoetako bat zen hartan. Film-proiektorearen asmatzaile ziren Auguste eta Louis Lumière anaiek antolatu zuten emanaldia, eta esperientzia ahaztezina, ia traumatikoa izan zen film goiztiar hura ikustera joan zirenentzat; izan ere, harri eta zur geratu ziren ikusitakoarekin. 46 segundoko filma mugarria izan zen mugimendudun irudiaren historian: zinema lehenengo pausuak ematen ari zen. 

George Méliès begitazio handiko gizona liluratuta geratu zen aurkikuntza horrekin. Ilusionismoarekin lotura zuen Mélièsek film-proiektorea erosi nahi izan zien Lumière anaiei, 1888an dirutza eskuratu ostean. Horiek ezetz esan ziotenean, Mélièsek antzeko gailu bat aurkitu eta hobetu zuen, baita film estudio propioa eraiki ere. Bere filmekin, zinema-industriaren lehen aroko funtsezko pertsonaia bilakatu zen.

ZIENTZIAREN ETA MISTIZISMOAREN BAT-EGITEA: CAMILLE FLAMMARIONEN TEORIAK

Paris, 1880. Camille Flammarion astronomoak unibertsoaren misterioak argitzeko zientzia erabiltzea iradoki du 
Camille Flammarionek zientzia sustatu zuen bere argitalpenen bidez. 1880ko haren Astronomie Populaire zientzia jendarteratzeko liburuak harrera ezin hobea jaso zuen erdiko klase frantsesaren aldetik. Astronomoak zientzia eta erlijioa batzea proposatu zuen, eta espiritismoa (ezkutuan dagoena ikertzea) "zientzia-erlijio" gisa definitu zuen. 

"Gizonentzako," aldarrikatzen zuen Flammarionek, “espiritismoa ez da erlijioa, zientzia baizik; eta apenas dakigu ezer zientzia horren funtsen inguruan (…). Dogmaren aroak amaitu egin behar du. Naturak Unibertsoa eta Jainkoa bera barne hartzen ditu.” 

Mende amaieran, zientzia eta erlijioa bateraezinak zirela zirudien. Izatez, zientzialari ugarik Jainkoaren eta arimaren existentzia ukatzen zuten; Flammarionek, ordea, zientzia eta erlijioa lotzen zituen ikuspegi bat proposatu zuen.

IKUSIZKO TEKNIKEN ESPLORAZIOA: JAPONISMOA 

Paris, 1892. Siegfried Bing galerista eta bildumagileak Japoniar elkartea zabaltzen lagundu du
Elkartea Ingalaterran sortutakoa zen, eta jatorri alemaniar-frantseseko Samuel Siegfried Bing merkatariak hura zabaltzen lagundu zuen. Ekialdeko artearen zaleek urtean zortzi aldiz Parisko gune desberdinetan biltzeko aukera zuten, eta bertan Japoniar estetikarekiko zuten miresmena partekatu eta adierazten zuten. 

XIX. mende erdialdeko Parisen, Japoniar arte eta diseinuaren moda biziagotu egin zuten Japoniarekin merkataritza-harremanei berrekiteak eta Munduko Erakusketek; azken horiek garai hartan hasi ziren, eta Ekialde Urruneko gauzen erakustoki ziren. Erakusketa horiek herri eta leku ezezagun eta “exotikoak” zituzten ardatz, bai eta luxuzko objektu eta materialak ere: oihalak, beirateria, zeramikak eta altzariak. Gauza horiekiko lilurak eraman zuen Bing Japoniar Elkarteko kide egitera, bai eta Le Japon Artistique (1888 eta 1891 artean argitaratu zen hilabetekaria) argitaratu eta galeria-denda bat irekitzera ere; azken hori Maison de l’Art Nouveau (1895–1901) deitzen zen, eta izen handikoa izango zen gerora.

IKUSIZKO TEKNIKEN ESPLORAZIOA: KOLOREAREN ZIENTZIA

Paris, 1886. Puntillismoa bezalako pintura-teknika berrien bitartez neoinpresionistek, tartean Paul Signac, ilusio optikoak sortzeko egin dituzten ikerketak deskribatu ditu Félix Fénéon arte kritikariak 
Pintura-teknika berrien esplorazioa izan zen mende amaierako artearen ezaugarri nagusia, eta aukera berriak zabaldu zituen olio-pintura klasikoen aldean, bai eta pastel, marrazki, grabatu eta litografiaeta xilografia-inprimaketen aldean ere. Berrikuntza goraipatuenen artean Puntillismoa egon zen: teknika horren bitartez, kolore desberdineko pintzelkada indibidualak aplikatzen ziren mihisean; gero, kolore horiek optikoki uztartu eta ikuslearen begian irudia “osatzen” zuten. Henri-Edmond Cross eta Georges Seurat bezalako artistek ez zuten soilik errealitatea islatu nahi; aitzitik, Puntillismoa landu zuten haien lanekin sentsazio eta emozio jakinak adierazteko. 

"Pintoreak lerroaren eta kolorearen harmonien bitartez piztu behar du emozioa, horiek bere desioen eta beharrizanen arabera antolatuz, eta ez bere gaien bitartez." [Paul Signac]

Jarduerak

Elkarrizketa bat mende amaierako Parisko arteari buruz

Elkarrizketa bat mende amaierako Parisko arteari buruz

Asteazkena, maiatzak 10

Vivien Greene eta Cornelia Homburg-en arteko elkarrizketa, mende amaierako Parisko arteari eta artistei buruzkoa. Lehena Paris, fin de siècle erakusketaren komisarioa da, eta bigarrena Washingtongo Unibertsitateko Art Gallery ezaguneko kontserbatzailea eta XIX. mende amaierako arte frantsesean aditua

Lekua eta ordua: Museoko Entzungela, 19:00.

Informazio gehiago

Partekatutako hausnarketak

Partekatutako hausnarketak

Ezagutu itzazu muntaiaren zirrikituak eta erakusketaren beste bitxikeria batzuk Museoko profesionalek egiten dituzten bisita berezietan.

Arte arduradunen ikuspegia Ekainak 7, asteazkena Paris, fin de siècle, Manuel Cirauqui, Museoko arte-arduraduna
Funtsezko kontzeptuak Maiatzak 31, asteazkena Paris, fin de siècle, Marta Arzak, Hezkuntza eta Interpretazio zuzendariordea.

Informazio gehiago

Zinemaren hasierak eta DJ musika zuzenean

Zinemaren hasierak eta DJ musika zuzenean

Larunbatak, maiatzak 27 eta ekainak 3

Goza ezazu Lumière anaien eta Georges Méliès-en lehen zinema-grabaketez, DJ batzuek binilo musika zuzenean jartzen duten bitartean. Jarduera hori Paris, fin de siècle erakusketaren ingurukoa da.

Lekua eta ordua: Museoko Entzungela, 19:00.
Sarrerak: 4 € Museoaren Lagunak eta 6 € publiko orokorra.

Informazio gehiago

Ikastaroa: Ezagutu mende amaierako melodia frantsesak

Ikastaroa: Ezagutu mende amaierako melodia frantsesak

Maiatzak 16, 23 eta 30, astearteak; ekainak 8, osteguna; eta ekainak 13 eta 20, astearteak

Astearte arratsaldeetan, ezagutu XIX. mende amaierako Parisko konpositore ospetsuenen musika, Teresa Merino Guereñu irakaslearen eskutik.

Lekua eta ordua: Museoko Hezkuntza-gela, 18:00–19:00. Bisitari dagokion saioa 90 minutukoa izango da.

*Bilboko Elkarte Filarmonikoarekin elkarlanean 

Informazio gehiago

Baliabideak

Entzuteko gida eta egokitutako gidak

Entzuteko gida eta egokitutako gidak

Museoko sarrerarekin batera entzuteko gida eskainiko dizute. Horren bidez erakusketa bakoitzeko artelanei buruzko informazio zabalagoa izango duzu.

Informazio-gunean eskatu entzumen, ikusmen edo/eta adimen urritasunak dituzten pertsonentzako audio/bideo gidak.

Informazioa gehiago

Bisitaldi laburrak

Bisitaldi laburrak

Bisitaldi labur hauetan arte edukiak azaltzen dira, modu zehatz eta dinamikoan. Galdetu gaiei, hizkuntzei eta topaguneei buruz Informazio-mahaian.

Ordutegia: asteartea–ostirala, 17:00; larunbat eta igandeak, 12:30 eta 13:30. Jaiegunetan (igandeak izan ezik) ez dago bisitaldirik Iraupena: 30 min
Prezioa: doako jarduera Museorako sarrera erosiz gero. 20 pertsona gehienez; gutxienez 5 (helduera ordenaren arabera)

Informazioa gehiago

Cookien erabilera

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.
Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure cookien politika orrialdean